Berehala irten ziren hainbat arlotako aditu eta pertsonaia ezagunak kritikei aurre eginez eta, neurri handi baten, pertsonalki ere hari eraso eginda. Egiari zor, nire hasierako asmoa ere bertsua zen, liburu-irakurzaletasuna defendatu eta argudio sendoekin eragin-sortzaile haren iritziari aurre egin; baina esango nuke berandu heldu naizela edo bitarte honetan denbora izan dudala iritzia aldatzeko.
Hainbat izan dira milaka argudio sendorekin aurre egin diotenak. Berriro honetan jardungo banu, esan direnak errepikatzera baino ez nintzateke etorriko. Iritzi eztabaidagarri horren kontra egindako aburu askorekin ados egonda ere, beste ikuspegi batetik nahiko nuke aztertu afera hori. Iritziaren hedakortasunak pizten dit arreta.
Urte batzuk beteak ditugunok badakigu garai batean jende xumearen iritziak ez zuela oihartzun handirik izaten bakoitzaren inguru hurbiletik kanpo. Akaso, norbaitek egunkariren bateko zuzendariari idazteko ausardia izaten bazuen, orduan zerbait gehiago zabaltzeko aukera izaten zuen; baina, orokorrean, ezer gutxi. XXI. mendeak hainbat mugarri garrantzitsu izan baditu ere, garrantzitsuenetako bat sare sozialen sorrera eta arrakasta izan dela esango nuke. Tresna horiek baliatuta asko izan dira gai iraganean ezingo zuketen eragina izaten. Neurri handi baten, sare sozialek iritzi ematearen demokratizazioa ekarri dute. Garai baten, iritziek hedapena izatea zergatik zen jakintsu batzuen pribilegio? Zergatik ez zuen mundu guztiak eskubiderik bere iritziak zabalkunde handiagoa izateko? Ba, horixe berori lortu da gaur egun, baina orain beste kezka batzuk sortzen zaizkigu. Zeintzuk dira eragin-sortzaile edo iritzi-emaile famatu berriak? Zer-nolako jakintza eta seriotasuna dute edozeren inguruan iritzia emateko? Zer-nolako eragina dute gizartean eta, batez ere, gazteen artean haiek sortutako hausnarketa eta edukiek? Iritziek baino gehiago, horien zabalkundeak eta arrakastak kezkatzen nau. Shakespearek esan omen zuen orain dela laurehun urte: "Denei entzun iezaiezu, gutxi batzuei eman hitza; ongi entzun zuri botatako gaitzespenak, baina beti ondo gorde zure iritzia".