Kostaldeko herriak batzuetan hiri bihurtuak, jende andana non-nahi eta bizimodua aurrera atera nahi duten bertako nahiz kanpokoak.
Eguneroko ogia irabazi nahian denetarik aurki genezake, baina sarri askotan afrikar jatorriko mutil gazteak ikusten ditugu hainbat arropa eta osagarri saldu nahian.
Osagarriei dagokienez, ospetsuenak luxuzko poltsen imitazioak izaten dira. Arropetan preziatuenak, ostera, futbol talde desberdinen kamisetak. Beti galdetzen diot neure buruari nondik lortuko dituzten produktu hauek. Eta nola ordainduko dituzten. Nork daki!
Bitxia da, bestalde, bizitzeko baino askoz gehiago dugunok nola probatzen dugun gustuko zaigun futbol taldearen kamiseta, saltzaile afrikarrak tamaina desberdinetako aukerak motxila potolo batetik ateratzen dituen bitartean. Jateko ozta-ozta duen saltzailea mendebaldeko herri aurreratuko erosle poltsiko-beroarekin tratuan. Baina kamisetak atzealdean futbol-izar baten izena izaten du. Jokalari ospetsuak izaten dira, oso dirudunak eta gizartearen zati handi batentzat eredugarriak. Batzuk europarrak dira, beste batzuk amerikarrak eta beste batzuk saltzaileen jatorri berekoak. Haien izenak dituzten kamisetak jantziaz, zein dugun gogoko adierazten diogu elkarri.
Ekuazio honetan txiroak, aberatsak eta oso aberatsak daude. Aberatsek txiroak estutzen dituzte, kamiseta ahal denik eta merkeen lortzeko, eta hauek aurreratzen duten diruarekin futbol jokalari miresgarri hauek ordaintzeko partidetako sarrerak edo abonuak erosten dituzte.
Beste galdera bat ere egiten diot neure buruari: futbolari hauen zerk liluratzen gaitu? Izaerak, ospeak, futbolean jokatzeko duten dohainak, diruak...? Afrikatik bizimodu hobeago baten bila etorri den eroslea izar hauen moduan futbol jokalari bikaina balitz, tratuan arituko ginateke merkeago erosteko?