Batzuetan, gure iritziak norbait molestatu dezake, baina ezkutatuta ere ez dugu ezer egiten. Sinatrak esango lukeen bezala, nire pentsatzeko modua da hau.
Lehenik eta behin, nire errespetu guztia bai animaliei, baita haien jabeei ere. Gero eta argiago dut animaliekin eta, oro har, naturarekin elkarbizitzeko modu bat aurkitu behar dugula eta gaur egun dugun modeloa ez dela zuzenena. Gure menpeko egin ditugu animaliak eta sarri askotan esplotatzen ditugu; haien ongizatea eta eskubideak zapaldu egiten ditugu. Alde horretatik, legediak gero eta zorrotzagoak dira, eta nik uste dut horrela izan behar dutela.
Hori guztiori esan ondoren eta animaliekiko eta haien ongizatearekiko eta eskubideekiko sentsibilitatea erakutsi ondoren, nire kezka azaldu nahi dut, batez ere, etxekotuta dauden txakurren eta gizakien arteko harremanaren inguruan. Hainbat aldiz pasatu zait txakur baten ondotik pasatzean hura zaunkaka jardutea eta jabeak normaltzat hartzea. Kalean goazenean gizakiok ez gara elkarri builaka ibiltzen inolako arrazoirik gabe. Beharbada, txakurren izaera ez dut guztiz ulertzen, eta haien harremantzeko modua baino ez da. Kontu horren harira, badago beste portaera bat nahiko ohikoa dena ere: txakurrak pertsona ezezagunengana abiada baten hurbiltzen direnean eta haien inguruan jauzika edo haiek miazkatzen hasten direnean. Jabeek modu desberdinetan erreakzionatzen dute, baina badaude, garrantzia kendu nahian-edo, zera esaten dutenak: "Lasai, ez du ezer egiten, jolastea gustatzen zaio". Jolastu egin nahi badu, ondo iruditzen zait, baina badago jendea txakurrekin izutu egiten dena eta ez duena jolastu nahi. Imajinatzen duzue inondik ezagutzen ez duzuen pertsona bat zuengana hurbildu eta jauzika eta musuka hasiko balitz, "jolasteko" asmoz? Uste dut erantzun horiek txakur-jabe batzuen sentsibilitate falta erakusten dutela.
Etxean txakurrik izan nahi ez dugun batzuk ahalegintzen gara txakur-jabeak ulertzen, eta onartzen dugu txakurrek ere eskubideak eta ongizate maila egokia merezi dutela, baina jabeek ulertu behar dute txakurrak gustatzen ez zaizkion jendea ere badagoela eta haien egoeran ere jarri behar dutela. Esamolde anglosaxoi batek esaten du zaila dela inoren zapatak erabiltzea, eta, txakurrek oinutsik ibiltzen jarraituko duten arren, ahalegindu gaitezen lagun hurkoaren oinetakoetan sartzen.