Zinema

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2025ko ots. 21a, 00:00

Kontziente naiz zinema istorio bat kontatzea baino askoz gehiago dela; enkoadraketa, argazkia, soinu-banda, aktoreen lana...

Adituek ñabardura horiek guztiak ikusten dituzten bitartean, niri gauza askok ihes egiten didate, eta aurretik doa nire ezjakintasunaren aipua.

Hori esanda, beharbada, honetan ni baino jantziagoa den norbaitek arrazoiz kritikatuko nauela jakinda ere, nire iritzia doakizue. Aurtengo Goya sariek ere zeresana eman dute. Oraingoan, historian lehenengo aldiz ex aequo eman diote La infiltrada eta El 47 pelikulei. Bata Euskal Herrian girotzen da eta bestea, Katalunian. La infiltrada-n Estatuko segurtasun indarrek ETAren aurka egindako lana idealizatuta erakusten den bitartean, El 47-n, Katalunian mespretxuz charnegodeitzen zaien etorkinek 70eko hamarkadan bizi izan zuten bazterkeria salatzen da. Katalunia eta Euskadi, Euskadi eta Katalunia, oraingoan ere eskutik eta Estatuaren auzi izan diren bi adibide adieraziz. Nik neuk bi pelikulak ikusi ditut, eta ez dizuet ukatuko, gustatu zaizkit, baina izendapenetan beste bat igarri dut faltan: Nevenka naiz edo Soy Nevenka. Mende hasieran Ponferradan hango alkatearen partetik zinegotzi gazte batek jasan zituen sexu erasoen aurrean horiek salatzeko ausardia izan zuen neska gaztearen istorioa. Pelikulan, orduko alkate Ismael Fernandezek Nevenkari egindako erasoak ez ezik, justiziak, politikariek eta gizartearen zati handi batek izan zuen erantzuna islatzen da. Nevenka gezurtitzat hartu zuten, eta Ismael sutsuki defendatu. Nevenka gaur egun Alemanian bizi da, Espainian estigmatizatuta gelditu zelako. Nik uste dut gizartea Nevenkarekin zorretan dagoela eta oso aukera ona galdu dela erreparaziorako. Harekin injustizia handia egin zen, baina, aldi berean, askorentzat adibide izan zen haren borroka, eta gerora etorri diren auzi askotan argia jarri zuen haren ausardiak. Laugarren Goya jaso berri duen Eduard Fernandezek esan berri du sari horiek promozio-kanpainak baino ez direla. Niri ere zaila egiten zait hain desberdinak izan daitezkeen lanak lehiaketa batean parez pare objetiboki konparatzea, lasterketa bat edo futbol partidu bat izango balitz bezala; hortaz, bat nator Eduard Fernandezekin: subjektibotasuna, bakoitzaren sentsibilitatea eta asmo jakin batzuk egon daitezke horrelako sarien atzean. 

25 urte igaro dira Nevenkaren kasua pasatu zenetik, eta, beharbada, gutxiegi da Espainiako gizarteak hori onartzeko, eta errazagoa izan da Euskal Herriko eta Kataluniako lotsak aireratzea. Ea Hollywoodeko akademiak ausardia handiagoz jokatzen duen eta, mexikarren trapu zaharrak astindu beharrean, amets amerikarrari kritika egiten dion The Brutalist filma saritzen duen; laster ikusiko dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak