Piztu telebista

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2025ko urt. 24a, 00:00

Nork ez du entzun bere inguruan "nik ez dut telebistarik ikusten" edo "izan ere, ez daukat telebistarik etxean".

Telebista gure bizitzaren parte zentrala izatetik ertz batera mugitu da eta asko dira telebista guztiz alboratu dutenak. Zenbat aldiz esaten dugun: "Botatzen dutenagatik?". Hori, batzuetan, horrela da; zenbat erdipurdiko saio eta sasijakintsu dabiltzan funtsik gabeko gauzak esaten telebista-kateetan. 

Baina badut sentsazioa esamolde hori, batzuetan, norbere buruari garrantzia emateko ere esaten dela; hau da, telebistan ematen dituzten saioak ikuspegi intelektualetik mespretxatuz eta norberak ikusten duena beste maila batekoa izango balitz bezala. Nik neuk uste dut telebista ez ikustea ez dela ezeren adierazle eta telebistan ere ikus daitezkeela pertsona aberasten duten hainbat gauza. 

Gogoan dut nire haurtzaroan eta gaztaroan gurean albistegiak ikusten zirela. Aitona-amonekin bizi ginen, eta aitonak lehenik euskarazkoa jartzen zuen eta ondoren erdarazkoa. Horrela ikasi genuen nortzuk ziren Yasser Arafat eta François Mitterrand, edo Chiapas non zegoen eta zer gertatzen zen bertan. 

Nire etxean, orain, oso gutxitan ikusten dira albisteak, eta esango nuke nire seme-alabek ez dakitela zein zen Hassan Nasrala edo zein den Emmanuel Macron, ezta zer gertatzen den Sirian ere. 

Garai hartan, albisteak ikustea ez zen gure hautua izan, baina asko ikasi genuen. Informazioa jasotzeko iturri fidagarri bat genuen. Egia da telebistan erdipurdiko saio asko daudela, baina ez dut uste guztia zaborra denik. "Nik telebistarik ez dut ikusten" esateak kutsu intelektual berezi bat emango baligu bezala, eta gero, asteburua telesailak ikusten pasatzea edo edozein kirol emanaldi... ba, ez dakit zerk aberastu gaitzakeen gehiago. 

Guri gaztetan esaten ziguten telebista gutxiago ikusteko eta gehiago irakurtzeko, eta, azken urteetan telebista kontsumoa nabarmen jaitsi den arren, ez dut uste irakurketaren mesedetan izan denik. Txutxu-mutxuen inguruko saioek asko estigmatizatu dute telebista, baina telebista txutxu-mutxuak baino askoz gehiago da. 

Nahi duenak kultura, zientzia, albisteak, musika eta zinema ere aurki ditzake; hortaz, politikoki zuzena ez den arren, hemen doakizue nire gomendioa: piztu telebista!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak