Pistolak

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2024ko uzt. 12a, 00:00

Euskal Polizia Lege berriak harrabotsa sortu du; batez ere, udaltzainen pistolen erabilerari dagokionez.

Herri txikietan ere udaltzainek pistola eraman behar izana, nolabait, bada harridura sortzen duen albistea. Niri pertsonalki atentzioa eman dit.

Herri txiki batean jaio nintzen eta bertan igaro nuen haurtzaroa eta gaztaroa, eta inoiz ez nuen imajinatuko udaltzainek pistola eraman beharko zuketenik etorkizunean. Neure buruan beste eginkizun batzuk irudikatzen nituen hain ezagunak ziren udaltzain haientzat. Arrotza egiten zait gizon eta emakume haiek armatuta irudikatzea, baina segurtasun kontuetan ez naiz aditua, eta doktoreak omen ditu Elizak. Egia da gizartea etengabe aldatzen ari dela; hau ez da gaur egungo kontu bat, betidanik gertatu da eta etorkizunean ere horrela izango da. Ezer ez da estatikoa eta errealitate berriek konponbide berriak eskatzen dituzte. Hein handi batean, zaila egiten zait neurtzea beharrizan berri honen oinarria, ez daukadalako ez daturik ez eta jakintzarik ere, baina herritar moduan kezkagarria da. Segurtasun falta gero eta gehiago entzuten den kontu bat da; baina erreala da? Gaiztakeriaren baten berri izatean, ohikoa da "holakorik lehen ez zen pasatzen gurean" entzutea, baina zeinek daki; beharbada, ez ginen jabetzen, informazioa ez zelako hain azkar helarazten txoko guztietara. 

Kontua da errealitate berri hori gelditzeko etorri zaigula eta horrekin bizi beharko dugula. Nire moduan, asko izango dira nahiago dutenak gure udaltzainak arma gabe ikustea, baina kontziente naiz batzuetan gustukoa ez izan arren neurriak hartu behar direla. 

Bestalde, asko izan dira armagabetzearen aldeko aldarri irmoak. Kontu honetan pena bat daukat: herri honetan eskaera horiek lehenago entzun ez izana; samin eta nahigabe asko saihestuko genituen eta gure herri honetan jasan den sufrimendu asko ekidingo zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak