Oinaztarrak eta ganboatarrak

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2023ko mar. 10a, 00:00

Futbolkeria baten inguruan aritzea pentsatu dut

Aurreko batean, lagun batek kontatu zidan semea Realzale amorratua dela eta gorroto duela Athletic, eta nire lagunak jarrera hori harriduraz hartzen du, etxean ez duelako hori ikusi. Laneko beste kide batek gauza bera adierazi zidan, justu kontrako zentzuan. 

Eta nik hainbat galdera egiten dizkiot neure buruari: bateko zale izateko bestea gorrotatu behar al da? Anaiek elkar hiltzea sen natural bat ote? Historian atzera egin dugu oinaztarren eta ganboatarren bertsio berrira? Beti izan da horrela? Gogoan dut orain lauzpabost urte Athleticek Espainiako Superkopa irabazi zuenean, Realeko jokalari atzerritar batek Athletic sare sozialetan zoriondu zuela; bada, Gipuzkoan oso irakurria den egunkari bateko kazetari batek haren aurka gogor jo zuen eta Realaren historia ez ezagutzea aurpegiratu zion. Edo Realeko jokalari batek Real Madrilerako bidea hartu zuenean ez zihoala Athleticera, baizik eta talde lagun batera eta ez zela egongo inolako arazorik zale txuri-urdinekin. 

Ez dakit ze tradizio eta historiatan oinarritu ziren horrelakoak esateko. Nik, historian atzera eginda, Atotxako ikurrina eta bai Realak zein Athleticek elkarren aurkako derbietan irabazitako ligak –eta nola irabazitakoak!– gogoratzen ditut. Ze gertatu da, ba, azken urteetan? Galdetuz gero, erantzuna ezaguna da. Ama bat anai-arreben borroka baten erdian sartzen denean, umeek esaten duten esaldia hauxe da: "Hura hasi da lehenengo". Horrek ematen digu zilegitasuna bestearen aurka egiteko. Batekoen eta bestekoen argudioak askotarikoak dira, baina guk, orain kolore batzuk maite ditugunok, 10 edo 20 kilometro haratago jaio izan bagina beste kolore batzuk maitatuko genituzke eta justu kontrako argudioak erabiliko genituzke bestearen aurka egiteko. 

Ez gara kontziente desberdintzen gaituen marra oso fina dela, eta bakarrik gorriak edo urdinak banantzen gaituela; ez garela hain desberdinak. Guztiok batera herri bat nahi dugu eraiki inor atzean utzi gabe, baina bizitzako beste esparru guztietan futbolarentzako mantra horrek ez omen du balio. Askok galdetzen didate bizkaitarra izanda zergatik naizen Realekoa. Bada, txikia nintzenean, nire aita athleticzaleak nahiago izan zuelako Molinongo Realaren gola ospatu, athleticzalea izan arren nahiago zuelako liga hura Realak irabaztea Real Madrilek baino; hortaz, nik, realzale izanda ere, nahiago dut gelditzen diren lauretatik Errege Kopa Athleticek irabaztea. Beraz, aupa Athletic!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak