COVIDarekin gertatu zen moduan, zenbat buru hainbat aburu, eta horretan ere immunologo eta biokimikari andana agertu zen moduan, nazioarteko politikan adituak nonahi daude. Nork ez du lagun, lankide edo senitartekoren bat esaten duena honen guztionen atzean Txina eta AEBak daudela edo arazoa NATOren posizioa dela edo Putinek bere arrazoiak ere badituela?
Sare sozialei esker iritzi ofizial deitzen direnak ezbaian jarri ahal izan ditugu. Enpresa erraldoien menpean dauden komunikabideek eskaintzen diguten informazioa kontrastatzeko aukera daukagu eta kazetari independente eta iritzi kritiko askok argia ikusteko aukera dute. Baina banago iritzi kritiko ofiziala sortzen ari garela. Hau da, mundu mailako gertaera baten aurrean, komunikabideetatik jasotzen duguna sistematikoki ezbaian jarri behar dugula. Zenbat aldiz entzun dudan azkenaldian ea zergatik agertzen den hainbeste Ukrainako gerra komunikabideetan kontuan izanda munduan ehunka gerra daudela eta inork ez diegula kasurik egiten, edo Melillako hesia igarotzen hiltzen direnek ez dutela Ukrainakoen besteko oihartzunik –nahiz eta gero hesia igarotakoak gurera etortzen direnean, bost axola–.
Kontrakultura ofizial antzeko bat iruditzen zait, eta, kontakizun ofizialak diskurtso bat duen moduan, korronte honek ere klixe berberak erabiltzen ditu behin eta berriz. Honetaz guztiaz ze iritzi dudan? Ukrainako gerrak, ez bakarrik gaur egungo egoeran – erregaien prezioan eta honen ondorioz sortutako garraio krisian–, baizik eta munduaren etorkizuneko jardunean izango duen besteko eraginik ez dute gaur egun aktibo dauden beste gerrek. Gerra honen ondoren, munduko estatu boteretsuen oreka berriak zuzen eragingo du nazioarteko politikan, ekonomian eta geoestrategian. Nik uste dut nahiko arrazoi dela egunero albistegi, egunkari eta irratietan agertzeko, egon daitezkeen interes guztietatik haratago.
Bestalde, beste injustizia batzuen inguruan isiltzeak ez du esan nahi ez dugunik gerra baten basakeria salatu behar. Gizaki baten bizitzan pasatu daitekeen gertaera ankerrena gerra bat dela uste dut. Gizakiek elkar hiltzen jardutea, gorrotoz eta basakeriaz betetako agertoki berriak sortuz. Miseria, mina, gorrotoa, gizon-emakumeak edozein bazterretan hilda, umeak goseak akabatzen, psikologikoki inoiz errekuperatuko ez diren pertsonak... Zer gehiago? Nik ez daukat posizio jakinik, ez dut justifikatzen ez NATO, ez AEB, ez eta Putin edo Txina; argi eta ozen esan nahi dudana zera da: antimilitarista naiz, gerrarik ez!