Nik neuk ere urte askotan kurtso hasierarekin lotu izan dudan hilabetea izan da, baina beste mugarri garrantzitsu bat ere izaten nuen buruan: Donostia Zinemaldia. Unibertsitatean ikasten ari nintzenean, Zinemaldiak markatzen zidan oporren bukaera. Lagunekin Donostiara osteratxoa egitea sakratua zen; estreinaldi entzutetsuren bat edo zirkuitu komertzialetatik at zegoen pelikula independenteren bat ikusi eta, parean suertatuz gero, izarren bat ere ikusten genuen, nahiz eta ez ginen orduak pasatzen genituenak argazki edo autografoa lortzeko.
Urte batzuk pasa dira, eta, ikasturte berriaren hasierak nire bizitzan garrantzia izaten jarraitzen duen arren, Zinemaldira joatea gehiago kostatzen zait, badira bizpahiru urte ez naizela bertaratu, eta esango nuke perspektiba desberdinarekin begiratzen diodala.
Aurten, bada, bi ekitaldiak parez pare jarri dituen bitxikeria bat gertatu da. Donostia Zinemaldira Johnny Deep aktore famatua etorri den momentu berean –oraingoan aipatuko ez dudan bere gertaera pertsonal eta guzti–, EHUko ikasturte hasierako ekitaldi nagusia hiri berean egin da, eta bertan Albert Fert Fisikako Nobel saridunak parte hartu zuen. Komunikabideetan batak eta besteak eragindako harrabotsa ezin dira konparatu, baina zein ote gizartearen erantzuna? Bitxikeria moduan, Interneteko bideo plataforma garrantzitsuenean sartu nintzen eta Jonhy Deepen prentsaurrekoa eta Albert Ferten hitzaldia zenbat aldiz ikusita zeuden begiratu nuen. Zinema-izarrarena hamar mila aldiz baino gehiago ikusita zegoen eta zientzialariarena ez zen ehunera heltzen.
Zein izan da batak eta besteak gizarteari egindako ekarpena? Zientzialariek ez dute zientzia erakargarri egiten gizartearentzat? Zeintzuk dira gizarte honen ereduak? Aurpegi polit, gorputz lirain eta ametsetako pertsonaiak nahi ditugu guru bizitzetan? Ez da denbora asko gizarteak zientziaren garrantzia ozen aldarrikatzen zuela. Dena ahaztu al dugu? Zertara mugatzen dugu gure bizitza?
Batzuetan, iruditzen zait mundua antzeztoki handi bat baino ez dela eta ikusi, entzun eta dastatzen duguna gezurretakoa dela, guztia show handi bat baino ez dela.