Eredua jarraitzeko nahia

Erabiltzailearen aurpegia Iker Badiola Etxaburu 2021ko mar. 31a, 00:00

Aurreko baten, estimazio handia diodan pertsona batek esan zidan txoko honetan gizakiaren alderik txarrenak eta ezkorrenak baino ez ditudala kontatzen. Berari diodan begirunearengatik bada ere, ea oraingoan asmoa aldatu eta asmatzen dudan.

Badira aste batzuk gatazka txiki bat tarteko Bergarako Udaltzaingora joan beharra izan nuela. Kontzientzia lasai nuen, ez neukan inolako arazorik, baina ohiturarik ez dut horrelako lekuetan ibiltzeko –esango nuke inoiz ez naizela joan–, eta, ez dizuet ukatuko, urduritasun puntu bat nuen. Betiere, pertsonen arteko gatazka eta gaizki-ulertuek kontuei tentsio puntu bat gehitzen diete eta legea betearazteko dagoen erakundera jo behar denean kezka ere izaten da.

Bertan bi profesional handi aurkitu nituen. Momentu oro, hezkuntzan eta elkarrizketan oinarritu zuten hizketaldia, eta ez zen egon inor zigortzeko asmorik. Beharbada, garai zailak dira hauek horrelako lanetan dabiltzan erakundeen alde egiteko, baina nik nire esperientzia baino ez dut kontatzen. Norbaitek boterearen alde jartzea aurpegiratuko dit, baina ondo ezagutzen nauzuenok badakizue, ondo asko, zerbait ez zaidanean ondo iruditzen ez daukadala inongo arazorik salatzeko.

Esperientziak ez direnean nahi modukoak ozen esaten ditugun moduan, horrelako jarrera eredugarri bat dagoenean ere argi eta garbi esan behar dela uste dut; are gehiago, bizi izaten ari garen momentu zailean, denok urduri eta kezkati gauden honetan. Ulerkortasuna, elkarrizketa eta bestearen egoeran jartzea inoiz baino beharrezkoagoak dira, eta horrela jokatu zuten nik aurkitu nituen bi udaltzainek. Balizko erasoren baten aurrean, gertatu ahal zenaren aurrean, neure burua prest neraman; gizatasuna eta adeitasuna aurkitu nituen, benetako zerbitzua emanaz hiritarrei. Bihotz-bihotzez eskerrik asko, Lierni eta Iñaki, eta ea gai garen zuen eredua jarraitzeko bizitzako arlo guztietan. Bejondeizuela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak