Gizonezkoek emakumeek baino ehun aldiz gehiago irabazten dute. Erabiltzen diren tresnak eta jantziak ekoizteko, hirugarren munduko herrialdeetan umeak esplotatzen dira. Nahiz eta enpresa pribatuak izan, erakunde publikoen laguntza jasotzen dute, gutxi batzuen patrikak betetzeko. Hainbat herrialde antidemokratikok eta ospe txarra duten enpresek euren burua zuritzeko erabiltzen dute, jarduera honen babesle edo diru-laguntzaile moduan agertuz. Bitartekarien jarduera funtsezkoa da, milioiak irabaziz inolako balio erantsirik gehitu barik. Urtero aberatsak sortzen ditu, kapitalismoaren eredu gordinena jarraituz. Gizarteari aparteko ekarpenik egiten ez dioten formakuntza gabeko gazteak aberasten dira, zentzurik gabe dirua xahutzen duten milaka dirudun goiztiar sortuz. Gizakiak jainkotzen, dira nahiz eta aparteko ekarpenik ez egin gutariko bakoitzaren bizi-baldintzei. Ogasun publikoarekin izugarrizko zorrak izan arren, ez da aparteko neurririk hartzen eta enpresa askok lasai asko jarraitzen dute euren jardunean. Ume eta gazteentzat eredu dira bertan jarduten dutenak, nahiz eta aparteko giza baliorik ez duten erakusten. Politikariak, izan kolore batekoak zein bestekoak, ez dira ausartzen kritikatzen, eta are gehiago, irrikan egoten dira bertako protagonistekin agertzeko. Sentimendu baten edo talde nortasun baten aitzakiarekin milioiak mugitzen dituen negozio bihurtu da. Pertsonak merkantzia moduan erabiltzen dira, prezio bat jarri eta enpresa desberdinak elkartrukean ibiltzeko. Adingabeak errekrutatzen dira etorkizunean erabiltzeko. Ikuskizun mediatiko bihurtu da eta asko dira euren izaera makurrena eta gizagabeena erakusten dutenak ikusle moduan jarduten dutenean. Estatuen harrotasun edo harrokeriarako erabili izan da.
Badakit zuetariko askok asmatu duzuela jada, baina bakarren batek ez badu igarri, hona hemen hitz ezkutua: futbola. Beharbada, berriro hasieratik banan-banan pista guztiak hausnartuz irakurtzeko momentua da. Zer ote da deskribatu berri dudan fenomeno hau, kirola edo gizartearen opio berria?