Mail-ing zaparradaren artean Sergioren mail-a jaso izan dut azken 4 urteetan. Beti egitura berberaz: egun onak, eskaturiko idatzia zein ataletan argitaratuko zen, zenbateko karaktere kopurua, entregatzeko data eta, noski, baita mezua irakurri nuen konfirmazioa eskatzen ere. Lan fina benetan.
Mezua jaso ondoren, lehenengo buru-bueltak zetozen; zer idatzi? Zein gertaera esanguratsurekin lot nezakeen?... Eguna aurrera joan ahala zirriborroren bat edo beste egin eta gero, berriro ere Word dokumentu berria ireki eta ostarte momentuetan definitiboaren bila joan izan naiz maiz.
Gaur, lerro hauek idazten, konfirmazio-mezua bidaltzen eta zer idatzi pentsatzen dudan azken aldia izango da, gauzak bizitzan zabaldu eta itxi egiten direlako, baina ez nuke nahiko atea itxi aurretik eskerrak eman gabe joan. Eskerrak hausnartzeko espazio hau eskaini izanagatik, eskerrak baita testua irakurri eta zuen ikuspegia era ezberdinetara helarazi didazuenoi; hori ere baliagarria izan da nire barneko hausnarketa zein ikuspegia elikatzeko. Aurrerantzean, hausnartzeko beste espazio batzuetan aurkituko nauzue, eta, bitartean, gustura irakurriko ditut datozenen hausnarketak, gaur arte nire hitzen txoko izan diren espazioetan.