Telenekea

Erabiltzailearen aurpegia Iker Agirre 2020ko eka. 5a, 00:00

Ostirala, koronabirusa gure bizitzetan programatu zenetik 89. eguna.

07:20. Iratzargailuak ohi bezala jo du. Altxatu eta kafea berotzen dudan bitartean, egungo egoeran banaezinak bihurtu zaizkigun eramangarria eta wifia piztu ditut, eguna konexio onean hasteko asmoz.

8:20. Eguneko lehenengo bilera. Parez pare dut duela hiru hilabete hezur-haragizkoa zen lankide bakoitza, pospolo-kaxa bat baino txikiagoa den laukitxo batean sartuta bakoitza. Bilerarekin hasi bezain pronto, konexio arazoekin hasi gara: "Ez zaitut ikusten"; "Ez dut ondo entzuten"… diote laukitxo ñimiño horietatik datozen ahotsek. Lehen autokonexiorako eta ingurukoekin konektatzeko zailtasun gutxi bagenituen, orain beste arazo bat gehitu zaigu zerrendara. Gainera, aurretik aipatutako esaldiek norbere barnean inpotentzia, haserrea eta ezjakintasuna loratzen dute, goizeko kafeak emaniko energia xahutuz.

Behin konexio arazoak gaindituta, bileran guraso den bati haurra atentzioa eskatzen ari zaio, eta laukitxo horretan bertan tentsioa nabari duzu, guraso eredugarriaren testa izango balitz bezala. Erantzun egokia eman behar du; pospolo-kaxa erakusleiho erraldoi bihurtu da segundo gutxiren bueltan. Elkarren arteko barretxo lotsati batekin gurasotasun testik ez dagoela birgogorarazi nahi izan diot, naturaltasuna ereinez.

Txandak errespetatzea ere zaila... bat hizketan hasi eta besteak nahigabe zapaltzen duenean sortzen den bost segundoko isilunea eta tentsioa "segi, segi zuk" batekin lasaitzea lortzen da.

Konturatu orduko, arratsaldeko bostak direla iragarri du zure eskumuturrekoa ordezkatzen duen ordenagailuko erlojuak. Amaitu da eguneko azken bideo deia. Egun osoan bizi izandakoak azaleratzen hasi zaizkit orain; bakarrik nago, ez dago inor nirekin konektaturik, ezin dut bilera osteko sentsazioa elkarbanatu. Telenekatuta nago; buruko mina, bizkarra ere ez daukat hobeto, begietako nekea…

Bihar, beste teleegun bat izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak