Antxoa bat zen, metal urdinxka distiratsuz egina. Hara! Metalezko arrainak egiten ditu! Arrain eta itsaski mota eta tamaina ezberdinetakoak, gainera, zein baino zein ederragoak!
Sekula santan ez nukeen hau Interneten ikusiko, sekula ez nukeelako metalezko arrainak bilaketa egingo eta aplikazioaren algoritmoak ez zidalako halakorik sekula iradokiko –futbolari buruzko edukiak ez bezala, nahiz eta nik sekula eskatu ez–.
Pasieran nenbilelako topatu nuen artisaua, pasieran nenbilelako izan nuen artisauarekin berriketaldi atsegina, pasieran nenbilelako ikusi nuen zenbat denda itxi diren eta zenbatek dirauten zabalik eta pasieran nenbilelako daukat orain antxoa-orratz ezin ederrago bat.