Ez da hainbesterako

Erabiltzailearen aurpegia Irati Itziar 2019ko aza. 8a, 00:00

Garai zalapartatsuak bizi ditugu, irakurle, eta egunero badugu berriren bat asaldatzen gaituena.

Hara azkenetako bat: INEk jakinarazi du hainbat telefonia operadoreri gure datu batzuk erosi dizkiela eta mugikortasunari buruzko ikerketak egiteko erabiliko dituela.

Derrepentean, iskanbila: "Gure datuak erosi? Saldu? Baimenik eskatu gabe? Gure datuak geureak dira!".

Baina, ba ote dakigu zer diren datu horiek? Eskuen artean egunero, une oro, aldi oro, toki oro erabiltzen dugun mugikorrak nola funtzionatzen duen eta ze datu biltzen dituen ulertzen al dugu?

Zerk haserretzen gaitu? Gure intimitatea urratua sentitzen dugu? Ala, hirugarren batek negozioa egitea gurea den zerbaitekin?

Orokorrean, ez dakigu ze datu diren, nola sortzen diren, nola bildu eta ze tratamendu ematen zaien.

Are gehiago, benetan inporta al digu? Aipatutako datuok guretzat benetan hain garrantzitsuak balira, horien inguruan gehiago jakingo genuke, ezta?

Teknologiak hain azkar egiten du aurrera, egunean egotea ia ezinezkoa egiten zaigu; beraz, estrategia orokorra ostrukarena egitea da. Ezer txarrik gertatuko ez dela pentsatu eta aurrera... Jarrera honek aspaldiko pelikula bateko pertsonaiaren esaldi ezaguna ekarri dit burura, bere –ustezko– inozentzia zuritzeko "ezezagunen ontasunarekin beti fidatu naiz" esaten baitzuen. Baina, hori al da aukera bakarra? Egoera onartu eta ezezagunen esku jarraituko dugu?

Gaiaren inguruko interesa edo kezka piztu badizut, pozik gelditzen naiz. Eta, gehiago jakiteko, ez galdu Joxe Rojas-ek Teknopataren txokoa-n ematen dituen argibideak. Azken finean, ez baita hainbesterako, ala bai?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak