Euskal Herriaren eta estatuen arteko gatazkek eragindako biktimez ari naiz. Sasoi batean gerra zibilak, ondoren diktadurak, geroago borroka armatuan parte hartu duten alde ezberdinek eragindakoez… Gehiago edo gutxiago entzuten dugu biktimak, babesik gabe utziak, edo ahaztuak, edo baztertuak, izan direla.
Badirudi azkenaldian bide horretan, errekonozimenduaren bidean, pausoak ematen ari garela batean zein bestean. Baina, biktimen aldeko zenbait diskurtso eta jarreratan, bada ulertzen ez dudan zerbait. Sartu gabe alde batekoak, bestekoak, partzialak diren edo ez… harritzen nauena da erabat atzera begirakoak direla. Ezinbestekoa da orain artekoekin egitea, baina soilik atzera begira jarduten badugu gai honekin, beti iritsiko gara berandu.
Biktimak aintzat hartzeko eta babesteko modurik onena biktima berririk ez eragitea da. Eta, zoritxarrez, estatuen espetxe politikak era askotako biktimak eragiten ari dira gaur egun: astero ordu erdiko bisita bat egiteko milaka kilometroko distantzia eta arriskua hartzen duten senideak, gaixotasun larriak dituzten presoak, ezohiko neurriekin praktikan bizi guztirako espetxealdia ezarri zaien preso eta senideak…
Halako batean herritarrak, instituzioak eta ordezkari politikoak hasiko ote gara aintzat hartzen orain ahaztuta, babesik gabe eta kasu batzuetan baztertuta ditugun horiek. Berandu ibili garela ere onartuko dugu. Baina zergatik ez guztiok bat egin elkarrekin gaur egun sufrimendu berria eragiten ari diren neurri politiko horiei aurre egiteko? Ez ote da ordua herritarrok iritzi politikoen aurretik pertsona jar dezagun eta sufritzen duen edozeini babesa eman diezaiogun?