Deskolonizatu EH

Aurreko astean Bergarako Olaso Dorrean izan nintzen, sinboloez jabetzearen gaineko hitzaldi batean.

Sinboloen atzean kontakizun bat dago, eta bistan da: bistan dauzkagun sinboloek –armarri, bandera, monolito, kale-izen…– inperioari komeni zaion kontakizuna kontatzen dute.

Herri zapalduen kontakizunik ez zaio komeni inperioari: bere zimenduak arrakalatzen ditu. Herri zapalduak, berriz, ezinbesteko du bere kontakizun propioa, duintasunez aurrera egingo badu. Deskolonizatu beharra dauka.

Non ginen euskaldunok konkista prozesuan? Inperioarekin ala Herri erresistente? Bada, bietan. Nafarroatik konkistaz erauziak izan ondoren, euskaldun askok hartu zuen parte Espainiaren proiektu inperialean: Amerikan batzuek eta Nafarroan bertan beste batzuek. Nafarroaren baitan, berriz, konkistatzaileekin beaumondarrak eta erresistentzian agaramontarrak.

Guk ez, baina inperioko Herri zapaldu gehienek berreskuratu dute independentzia, eta beren bidea eta kontakizuna egiten ari dira. Gurera etortzean, min ematen diete inperioaren sinboloek; Iralarenak kasu. Garbi daukate konkistaren afera.

Eta guk? Badakigu Belateko kanoiek edota San Martzialeko ospakizunak min egiten dietela Nafarroa Garaikoei? Badakigu konkistatuak izan garela? Bagabiltza gure kontakizuna eraikitzen?

Zorionez, argi printza batzuk badira Antzuolan –armarria–, Arrasaten –kalea– eta Oñatin –bandera– egindako eraldaketetan, esaterako.

Amerikako konkistak eragindako minak leuntzen ere gure ekarpena egin behar dugu; betiere, geure kontakizun propioaren baitan. Euskaldun askok bai, baina euskaldunok hartu al genuen parte? Gure estatuaren proiektua al zen? Gu Espainia al ginen –gara–, ba? Ala Espainiak –eta Frantziak– menpean hartuta gaude?

Horrela gaude. Asko daukagu ikasteko geurekotu diren ahaldundutako amerikarrengandik. Jabetuko al gara kontakizun propioaren beharraz!

----------

Iñaki Idigoras Igartua

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak