Bada joan-etorrietan atentzioa eman didana. Uztail eta abuztu bukaeran, eta baita abuztu hasieran ere, txindurritxoak bezala, zientoka eta zientoka kotxe handi eta txikirekin gurutzatu nintzen. Aurreneko egunotan, kotxe gainean metro bateko karga zeramaten gehienek, Europa izeneko ametsean urtean zehar irabazitakoa jatorrizko sorlekura eramanez. Karga sentimentala, ordea, bihotz barrenean bilduta, etxekoak, bizilagunak, berriz ere ikusi eta besarkatu ahal izateagatik.
Oporraldiaren amaieran, ordea, berriz ere Europan gorako bideari hartzerakoan, kotxe gaineko kargak hustuta bueltatzen dira, baina emozioz eta bizipenez gainezka, hurrengo oporraldiaren zain. Bitartean, gertu samarrean, itsasoan zehar balantzaka ari da beste pertsona mordoxka bat, erreskate ontzitan Europara bizitza eta duintasun bila etorri nahian. Tragedia horren aurrean, Europa "zibilizatu" horren agintariak beste alde batera begira jarrita daude lotsagarri. Noiz arte jarrera hori?