Azken agurrean pilatutako jendetzak bere ibilbidea, konpromisoa eta inplikazioa eskertu eta adierazi nahi izan zizkion. Ez zuen gutxiago merezi, han eta hemen, makina bat saltsatan parte hartzen ibilia delako, beti aurpegi onez eta bere bibote azpian irribarrea eskainiz.
Aretxabaletak ez du erraz ahaztuko Loramendi dantza taldearen sortzailea izan zenik, edo atletismo taldeko bultzatzailea, edo udal-kontutan jardun zuela zinegotzi gisa, edo odol emaileen elkarteko herriko arduraduna izan zenik, edo txistulari aparta, edo euskaltzalea… Honekin lotuta, Herriko Plaza ondoan tente eskegita dagoen ikurrina jarri arte ez zuen amore eman, Aretxabaletako talde, erakunde eta elkarte guztietako ordezkariekin elkartu eta sinadurak bildu artean, Felis laguna ondoan zuela. Beraz, hemendik aurrera ikurrinari begiratu bat ematen diogunean, bera izango dugu pentsamenduan, dotore eta tente.
Ez da batere erraza maite duzun horri agur esatea. Guztiok edan dugu gehiago edo gutxiago ur horretatik. Arrazoiak hamaika izan daitezke, baina guztion bizitzaren aurretik pasatzen dira arrasto nabarmena uzten duten lagunak, lankideak, herritarrak… Isilik, zarata handirik atera barik, protagonismoari eta handikeriei bizkarra emanez, behar zenean behar zen tokian eta moduan egonda ezagutu dugu Ramon.
Txistulari-taldean adinez nagusiena izan arren, nerabe baten kemena eta gazte baten indarra zeuzkan. Gaixotasunak bere indarrak ahuldu zituenean ere, Arkupen egiten ohi ditugun entseguetara azaltzen zen, guri babesa emanez, txistu-hotsarekin gozatuz. Hainbat eta hainbat kontu eta anekdota kontatzen zigun ondoren, bere buruan ondo gordeta zituenak: pertsonak, datak, gertatutakoa... Beti txukun, langile, edozein gauzatarako prest. Dotoreen artean dotoreena zen, bere txapel, intsignia, alkandora zuri eta praka ilunekin, gainerakoentzat eredugarri bihurtuz.
Gainean ditugun San Migel jaietako kantu-afarian ere faltan botako dugu, eta zapatu arratsaldean Beinke-Loramendi dantzaren emanaldian, aurrerantzean beste hainbatetan ere bere hutsunea igarriko dugun moduan. Dagoen tokian dagoela, ohorezko mahaian egongo da gure kantu eta garrasiak entzuten. Horietako batzuk berarentzat izango dira.
Eskerrik asko eman diguzun guztiagatik. Eraña´tar Erramon, agur eta ohore.
----------
Inaxio Garro
(Aretxabaletako Txistulari Taldearen izenean)
Aretxabaleta