Aralarren ikuspegitik, azken lau urte hauek dezepzioz, desilusioz eta frustrazioz beteak izan dira, udal gobernu bati exijitu beharko litzaiokeen jokabidetik urrun.
Luze joko lukeelakoan, ez naiz ustezko arrazoiak azaltzen hasiko.
Dagoeneko horrek ez dauka soluziorik, baina gertatutakotik asko ikas daiteke, halakoetan behar izaten den autokritika egiten hasita, erantzuleak eta errudunak etxetik kanpo bilatzen hasi gabe.
Errazegia izango litzateke emaitzak ezagutu ostean ustezko arrazoi horiek zeintzuk izan diren zerrendatzea, giltza non zegoen bila jarriz. Ez naiz tentazio horretan eroriko. Hori bai, halakoetan giltza norberaren poltsikoan egoten ohi da, baina, horren jabetza gurea bakarrik delakoan, ez dugu inorekin partekatu nahi, giltza bera non dagoen ahazteraino.
Pare bat urte dela, herri honen etorkizuna Gure Esku Dagoela aldarrikatu genuen herritar askok eta askok, itsasoa betetzeko guztion tantak beharrezkoak zirela han eta hemen oihukatuz. Sigletatik harago, herria eraikitzeko kolore guztiak behar dira, aniztasuna, pluraltasuna. Hemen inor ez dago soberan, herria eraikitzen laguntzeko baldin bada.
Eta hori aldarrikatu eta sinisteaz gain, praktikan jarri beharra dago, elkarlanetik, negoziaziotik, adostasunetik, iritzi trukaketatik. Horiek dira politikaren zutabeak, herri honetan praktikara eraman ez dena. Ikas dezagun eta ez gaitezen itsutu. Oraindik, Gure Esku dago.
Aralarrek bere ibilbidea egin du Aretxabaletan hamabi urtez, eta honaino heldu da. Puntu honetara helduta, eskerrik zintzoenak eman nahi dizkiegu urte hauetan guregan konfiantza jarri duten aretxabaletarrei, esperientzia aberasgarria eta emankorra bizitzeko aukera eman diguten horiei guztiei. Eta maila pertsonaletik, herritarrei eskerrak emateaz gain, udal langileei eta beti ondoan gertu eta laguntzeko prest izan ditudan Joxeangel, Olaia, Felis, Arazeli eta gainerako lagunei ere eskerrak eman beharrean nago. Etxekoei, zer esanik ez!
Eta honen bitartez, zorionak hauteskunde hauetako irabazleei, eta kilokada animo gainerako guztientzat.
----------
Inaxio Garro
(Aretxabaletako Aralarko zinegotzi ohia)
Aretxabaleta