Uda. Berdin jarraitzen dugu. Komunikabideetan iragarri zen 2018ko uztail edo irailerako martxan izango zela; gero, arduradun politiko bati irakurri nion Olentzeroren oparia izango zela.
Udaberria. Orain, berriz, 2019ko lehenengo hilabeteetan izango omen dugu aukera zinema ikusteko; badirudi oraingoan baietz, zinema emateko ekipamendua eskuratuko dela.
Baina ezin ahaztu aurtengo urtarrilean kultur gaiez interesatutako herritar mordo bat elkartu ginela, jatorriz eta adinez oso anitzak, eta Seminarixoko ekipamenduaren kudeaketan Udalarekin elkarrekin jarduteko borondatea erakutsi genuela. Badirudi Udalak ez zuela proposamena aintzat hartu ere egin. Tamalgarria. Zinemari dagokionez, programazioan eta kudeaketan parte hartzeko gogoa duenik izanik, udal arduradunei eskatuko nieke ikuspegi irekiarekin aritzeko, mesfidantzak baldin badaude horiek baztertu eta eskaintzen den lankidetza eta jakituria onartzea. Bergaran bada zinemaz guztioi erakutsi ahal digutenik. Ondo legoke aukera bat ematea, planteamenduak elkar trukatzea eta egindako inbertsioari etekin sozial ahalik eta handiena ateratzea.
Espero dezagun urtebete barru, aipatzea falta zaidan urtaroan, berriz honetaz hitz egiten ibili behar ez izatea.
----------
Iñigo Garitano Larrañaga
Bergara