Eskerrik asko, Juanjo Ansoategi

Erabiltzailearen aurpegia Ino Galparsoro 2021ko mai. 23a, 00:00

Aberri Egunaren bezperan utzi gintuen Juanjo Ansoategik, Esau-k, lagunartean eta militantzian ezagutzen genuen moduan. Kasualitatea edo ez, Euskal Herri aske eta justua amestu eta borrokatzen dugunok gure etxeetako leihoak ikurrinaz jantzi orduko itzali zen Esau, sentimendu abertzale eta balio ezkertiar sakoneko arrasatearra.

Eta bera zen bezala joan zaigu, oharkabean, nabarmentzeko asmorik gabe. Baina Esau-ren hutsunea nabarmena izango denik ezin ukatu, bere izaera eta ibilbidea marka uzten duten horietakoak izan baitira.

Tipo serioa zen, serioa bezain umoretsua. Seriotasunez eta konpromisoz bizi zituen Euskal Herriaren errealitate eta afera ezberdinak, askotan umore eta txantxari ere lekua eskainiz. Ezagunak ditugu askok bere azalean frankismoaren aurkako borrokan bizitako pasarte gogorren kontakizun umoretsuak edota sozialismoa zer zen definitzeko gazteak zirikatzen zitueneko momentuak.

Egoera zailenetan ere erreferente izan dugu, bidea argitzeko gaitasuna duten horietakoa. Bisio garbiduna, amesten dugun horri hankak lurrean edukita, herriaren eta pertsonen mesedetan beti. Horregatik guztiagatik oparoa izan da bere ibilbide pertsonal, profesional eta politikoa. Apaltasunean ardaztu den ibilbidea. Gaitasun garrantzitsuak izan arren, horien guztien artean umiltasuna nabarmentzen zelako.

Herrien eta pertsonen askatasunaren alde borrokan aritu zareten eta gure artean ez zaudetenok asanbladan zaudeten leku horretan, eskutitz hau nekez irakurri ahal izango duzu. Baina jakizu klandestinitatean, erbestean, udalgintzan, herrigintzan, presoen eskubideen defentsan, mahai zein batzarretan, edota kafe goiztiarretan, plazera eta pribilegioa izan dela zure bidelaguna izatea.

Zuk bezalaxe guk ere amesten dugun horrekin jarraituko dugu, zugandik ikasi eta jasotako guztiari bide emanez, garaipenera arte. Aurrera bolie!

Bukatzeko, besarkada bana Rosa Mariri eta Euriri. Juanjok utzitako hutsunea betetzea ezinezkoa dela badakigu, baina berak emandako guztia ametsak betetzeko adina izango da.

----------

Beronika Garai, Xabier Zubizarreta, Ino Galparsoro, Arkaitz Biain eta Oihana Aranburu

Arrasateko ezker abertzaleko komite lokal, alkate, zinegotzi eta Iratin izandako bidelagunak

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak