Guztiok dakigu zer egin, nola babestu eta ia-ia txertoa etxeko sukaldean egiteko gai gara. Duela gutxi Marilo Monterok eskularru batzuk nola kendu behar diren erakutsi zigun. Nork eta Marilok, txolintasunaren bikain cum laude doktorea den petrikiloak!
Dudarik gabe baina, argietan argiena Maria Dolores de Cospedal anderea izan da. Horrek Gaztela-Mantxako telebista bere nahierara eraldatu ostean, eta Opusetik irtendako ehunka kazetariz bete eta gero, 10 egunez ez dute Maria Teresa, Ebola eta Carlos III bezalako hitzik erabili. Badirudi Gaztela Mantxa izan dela Españatik alde egiten lehen lurraldea, eta ondorioz, ebola urrun geratzen den kontu bat besterik ez dela.
Maria Teresa jabearekin batera, telebista ordu piloa bete dituena bere txakurra izan da. Excalibur animali celebrity-en klubean sartu da. Bertan batuko da Rex, Rintintin, Milú edo Lassierekin.
Telebistaren bat ausartu al da Afrikatik zuzeneko bat egiten? Inork aipatu du ebola baino hilgarriagoa dela gosea? Zertarako, goseak ez du sekula dirudun bat hilko.