Bere distirak baino, bere soldatak itsutu nau. Txabelita, Isabel II, Isa… Hamaika izen dituen txoni merke eta ez jakin bat, horietako bat dugu Isa, baina horrek pedigria dauka.
Pantojak Fujimoriren Perutik ekarri zuen neskatila hura hazi egin da, eta unibertsitatera joan edo modulu bat egin beharrean, telebista aukeratu du ogibide gisa. Informatiboak? Analisi mahai batean? Zertarako! Bere CVan noren alaba den jartzen duen bitartean Telecircon lana emango diote. Bere odol garbiari esker, Isa, Vasileren Nancy peinados de moda berria da, eta bost bat minutu irauten dituen "saio" baten truke 900 kobratzen ditu, hau da, gutxieneko soldatatik urrun geratzen diren 7.200 euro jasoko ditu hileko.
Asko dela uste duzue? Txolin halakook! Ez duzue bere familia ezagutzen! Amatxoren fidantza eta anaiaren bollikaoak erosten xahutuko du Isak horrenbeste neke eta izerdi kosta zaion dirua. Bera izango banintz, Lola Floresek egin zuen moduan, eurotxo bat eskatuko nioke "espainolito" bakoitzari, krisitik irten ahal izateko.