Horixe da momentu honetan nire egoera. Egun bizi dugun unea jakin badakit garrantzi handikoa dela, eta ziurrenik une historiko bat baino gehiago bizi izan ditugula eta biziko ditugula. Mundua erabat aztoraturik dabil, egunero onargarriak egiten ez zaizkidan hamaikatxo gertatzen baita, baina tira.
Aipatzen hasita, ezin ahaztu aurreko astean Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu alderdi politikoaren gainean emandako ebazpenaren ondorio izan den ilegalizazioa. Harrigarria benetan! Libiako gerra ere ezin ahaztu daiteke, eta honen harira maila internazionalean estatuek hartu duten jarrera. Japoniako egoera lazgarria... Zerrenda, amaigabea da.
Txanpon guztiak bezalaxe, honek ere baditu bere bi aurpegi, gutxienez. Onartezina da aurrez aipatu ditudan adibideetan nabaria den injustizia. Baina beste aldean, egintza hauen aurrean, jendeak izan duen edo izan lezakeen erantzuna dago. Argi ikusten dut mundua aldatzen ari dela; argiago ikusten dut, aldiz, aldatu behar dela. Munduaren aldaketarako ikusten dudan lehenengo gakoa bakoitzarengan dago; aspertu eta nazkatu gara, eta dagoeneko ez dugu sinesten inork ezer emango digunik, beraz, momentu honetan, zerbait nahi duen orok antolatu eta lan egitea besterik ez du. Inori itxaroten egon barik!