Errealitatetik haratago

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etxebeste 2026ko uztailaren 27a

Nekez izango duzu inguruan norbait azken asteetan jasan izan ditugun bero-boladengatik kexu azaldu ez denik.

Aukera dugun pribilegiatuok etxean edo lanlekuan gotortuta, ahal bezala freskatzen, pasatzen ditugu egunaren erdiko orduak. Ez dute zori bera lurra lantzen dihardutenek. Naturak berak ere eman dizkigu jada urtea berotik jotzen ari den seinaleak: uzta galdu edo aurreratuak, belardi lehorrak eta uztail hasieran irailekoak diren koloreak.

Aztertu ditzagun 2026. urtea hasi denetik igarotako tenperaturak egunez egun: egunen erdiak baino gehiagok 1961-1990 urte bitartean egun beretan egon zen tenperaturen %75 baino erregistro handiagoa izan dute. Oraingoz, urte hau garai hura baino +2,82 gradu beroagoa da. 3,12 gradu beroagoa, industria-aurreko garaia hartzen bada: ~1850-1900. Klima-zientzialariek 2100. urterako espero zituzten tenperaturak dira hauek, RCP4.5 / SSP2-4.5 deitzen zaion eszenatoki klimatikoan.

Suteak tenperaturen igoerak soilik eragiten ez dituen arren, sute arriskua ikaragarri handitzen da inguruak beroarengatik lehortzen direnean. Espainiako Estatuan sute garaia ekainaren 1ean hasi zen ofizialki. Aurten dagoeneko ia 120.000 hektarea erre dira bertan; 90.000, azken hilabetean; 30.000tik gora, azken astean. Eta aurretik geratzen dira historikoki gogorrenak izan ohi diren hilabeteak, baita Euskal Herrian ere. Galarretako –Elgeako mendilerroa– 109 hektareako sutea izan dugu azken asteotan gertukoena. Horren aldean, sinesteko zailak dira Kanadatik eta Espainiatik datozkigun suteen inguruko datuak: Guadalajaran 19.000 hektarea erre dira sute bakar baten; Ontarion, Thunder Bay 36 sutean, 350.000 hektarea erre dira.

Aurreikuspen guztiak gainditzen ari da errealitate global berri hau. Baina haratago begiratzeko orduan bidea lausotzen duen kea ez du erretzen ari den baso batek sortu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak