Bidaiaria

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etxebeste 2025eko azaroaren 20a

Amildegira bidean laguntzen gaituen txarangaren nire kantu-zerrendan beste bat gehitu dut.

The Passenger 1977an idatzi zuten Iggy Popek eta Ricky Gardinerrek. Jim Morrisonen poema bat du oinarri: Jauntxoak. Bertako atal batean, bizitza modernoa autoan egindako bidaia bat dela azaltzen digu Morrisonek. Kantuan, auto horren bidaiarietako baten hitzak, hiria gauez zeharkatzen duela.

Gaztelara bidean Araba gurutzatzen nabil. Kantuko bidaiariaren antzera, goizeko ordu txikitan, gure lurraldea autoaren beirak babestuta zeharkatzen ari naizela, izar azpian, zerua garbi dela, hau dena zuretzako eta niretzako egina da entzun eta la, la, la kantuan hasi naiz berehala. Ederra da gure landagunea, eguneko lehen argi izpietan.

Kantuaren hurrengo lerroek burua aktibatu didate. Autora gonbidatu ditut aldaketa globalek eragiten dizkidaten ezinegonak. Zatozte, bidelagun izango gara. Batera zeharkatuko dugu hor ikusten den hiria, eta haren txikitutako atzealdea elkarrekin ikusiko dugu. Bai eta guretzako sortutako izar distiratsuak ere, hau dena zuretzat eta niretzat egina baita. Batera kantatuko dugu, la, la, la. Autoaren babesean ez da nabari kanpoko epela. Beste behin gainditu dugu muga, urriko batez besteko tenperatura 1991-2020ko epealdikoa baino 2,1 gradu beroagoa izan da. Hori gutxi ez, eta ohikoa baino %75 euri gutxiago bota du hemen. 

Garbi dago, kantu apokaliptikoak ditut gogoko. Punkaren jarrera nihilista ere bai. Eskorbutoko Expositori egosten zaion irabaztea ezinezko bada, enbarazu izan gaitezen, behintzat da nire eguneroko mantra.

Ze laster ikusiko ditut bidaiari gehiago, autoaren leiho atzetik beraiena zena ikusten. Lo dagoen herria zeharkatzean, beraientzat egin zena atzean utziko dute, zuk eta nik egin dugun bezala. Eta batera kantatuko dugu, la, la, la, la; la, la, la, la.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak