Gertuko gazten zerrenda esku bakarreko hatzekin zenbatzen dugun arren, ez horren gertuko cheddarra, briea, emmentala eta abar oso ezagun egiten zaizkigu eta etxe inguruko edozein dendatan eskuratu ditzakegu.
Provolone gazta italiarra da gazta ezagun horietako bat. Labean berotuta biguntzen dugu guk. Tripontzion gozamenerako, otordu azkar horietako bat da gurean. Labeari antsietatez begira egoten naiz, tenperatura, testura eta zapore oreka noiz iritsiko.
Antsietatez ere begiratzen diote erakusleihoan dituzten gaztei Europa osoko merkatu eta kaleetan zapore festa hori bideratzen laguntzen duten beharginek. Antsietate klimatikoaz.
Ekaineko beroaldien kontura The Guardian egunkariak Europan zehar egindako elkarrizketen artean dago Parisko Marche St Quentin azokako gazta saltzailearena. 42 gradutan ez dago gazta girorik, ezta inondik ere. Izan ere, batez bestekoa baino 3,5 gradu beroagoa izan da aurtengo ekaina. Adi, provoloneak urtzeko 39 gradu behar ditu.