Izan ere, ura eta uraren bitartez egikaritzen diren ekosistema zerbitzuen garrantzia handia da oso. Eta, klima aldaketaren kontestuan, garrantzi hau larritasun bilakatuko dela adierazi zuten bertaratutako adituek.
Osasuna, fisikoa eta mentala, lanaren izaera, lehen sektorea, bioaniztasuna, lurralde antolaketa… aldatzen ari dira klimaren eraginez. Eta azkar, gainera.
Klima larrialdiari buruz maiz entzuten dugun arren, erantzuna motela izaten ari da. Motelegia. Busti bai, baina udako ekaitz bat bezala, jendartearen ohituren sustraietara ez da aldaketaren hezetasunik iristen. Izan ere, lurra lehor denean, euria kolpean eginez gero, iragazgaitz bilakatzen da, eta jasotako ur gutxi geratzen da bertan daudenak elikatzeko.
Galdera: zein da gure erantzunik ezaren erroa? Geure burua lehor dagoela? Edo informazio jarioa kolpean datorkigula?