Egunerokotasunak irentsita bizi gara. Askok dugun sentsazioa da gure edalontziak gainezka egiteko tantaka bakarra behar duela, edo gauzak horrela egiten, etorkizunik ez daukatela.
Lanak edo lanik ezak; familiak, lagunak edo bakardadeak; besteen gorputzak edo zureak; bizi minak edo min biziak eta bizitzak berezko dituen beste hainbeste buruhauste. Gehitu horri globalki bizi izaten ari garen alerta egoera etengabe hau, bateko pandemiak eta besteko gerrak, klima eta erregai larrialdiak. Ba, hau besterik ez daukagu, zoritxarrez edo ez, errua inori ez bota, gehiago nahi baduzu, hasi bila.
Haur bati entzun nion, aurrekoan, guraso bati agure deitzen 40 urte bete berri zituelako. Batez beste, gure herrian 84 bat urtez bizi omen gara. Lagun bati lapurtutako metaforari eutsita, zabaldu hor nonbait duzun metroa, eta luzatu 84 zentimetroraino. Ondoren, kokatu zure adina bertan. Ez dakit zu, baina ni, behintzat, erdiko puntuan egoteak duen noraezak jota nago. Eta, hala, batzuetan uste dut zoratzen hasi naizela, orduan konturatzen naiz beste denak ere berdin dabiltzela!