'Espuelia'

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Etxebeste 2021ko abe. 23a, 00:00

Urteko azkenengo Zabalik dela esan zidaten. Iritzi eta gogoeta desberdinetatik edateko azken tragoa, espuelia. Ez naiz ni mariatxi-zalea, baina, ezinbestean, En el último trago rantxera etortzen zait burura espuela hitzarekin...

Niri ere, rantxeran bezala, denborak ez dit ezer irakatsi. Ni ere beti nabilelako akats berberen bueltan. Adibidez, behin eta berriz kateatzen naizen akats bat da, erantzunik ez duten galderetan denbora galtzea, edo mugarik gabekoan, denboran edo unibertsoan, hasiera eta amaiera ematen. Badakizue? Unibertsoa hiltzen dabil, hala kontatu zuen astrofisikari batek orain gutxi, Espainiako Estatuko agerkari baten. Hiltzen, behintzat, ezagutzen dugun bezala hiltzen, REM taldeak ere abesten zuen bezala, it's the end of the world as we know it.

Ño! Unibertsoa hiltzen. Ikaragarria, zorabio itzela…

Astrofisikariak zuzendu, eta hilketa antropozentrikoa izango dela aurreratu zuen. Hau da, izango dela unibertsorik gero ere. Hau da, pertsonentzako bakarrik hilko dela. Larrialdi klimatikoaren ondoren, munduak mundu izaten jarraituko duen bezala. Beharbada, ez hain atsegina, Glasgowko klima biltzarrean gerta bezala, inuzentekerietan jarraitzen baldin badugu. Hemen ere, akats berberetan eroriz.

Horrelakoetan, Monty Pythonen amaigabeko jakinduria putzura jotzen dut laguntza bila. Ehunka dira talde horren bitxiak; aurreko lerroetako zorabioak jota nagoenean, Bizitzaren esanahia filmeko Galaxy song entzuten bukatzen dut maiz.

Amaiera bikaina du kantak; honela dio, euskarara ekarrita: Beraz, txiki eta noraezean aurkitzen zarenean, gogoan izan zein zoragarria eta ezohikoa den zure bizitza, eta otoitz egin unibertsoko izkinen baten benetan azkarra den bizitza dagoela, zeren eta Lur planeta inuzentez beteta dago.

Eta, hala, konturatu orduko, espuelia… y en el último trago nos vamos.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak