Argiak eta itzalak

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Etxeberria 2020ko urr. 25a, 00:00

Gabonetako argiak jarri dituzte kalean. Beti bezala, goizegi: ezustean harrapatu naute. Gaztaina saltzaileek bezalatsu, artean manga motzean gabiltzanean agertzen baitira Donostian. Baina une honetan dena da hain arraroa eta hain inprobisatua, paisaia surrealistaren parte bihurtu dira. Normaltasun berria-n edozer izan daitekeelako normala. Norbait gerturatzen zaigunean apartatzea. Eztula egin duenari gaizki begiratzea. Besarkadak ukondoarekin ematea eta muxuak emotikono bidez, adibidez.

Erakusleihoetan Halloweeneko publizitatea ere ipini dute. Gabonetako iragarkien aurrekari. Hori bai, aurten online eskaintza handitu egin da; kate handiena, bereziki. Beharbada, ezingo gara etxetik atera, baina Internetez nahi beste erosi dezakegu. Birus informatikoak ez dira hilgarriak. Bidalketa-zerbitzuak lanez lepo dabiltza, konfinamenduaz geroztik.

Aldaketa datorrela diote, baina, momentuz, kapitalismoa eta indibidualismoa eroso daude normaltasun berria-n. Horregatik, inportantea da elkarlanari eta aurrez aurreko harremanei eustea. Denda txikien berotasunari, esaterako. Eta hori esanda, gaztainak erostera noa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak