Eraikinaren kanpoan, ilara. Plaka handi bat ikusi dut: ETAren atentatuetan hildako polizien zerrenda luzea. Lehenengoa, Meliton Manzanas. Oroitzapenak trumilka. Hari buruz entzundakoak: zertzuk egiten zituen atxilotuekin. Eta 16 urte nitueneko gau hartakoa ere bai: Torturarik ez zioen pegatina neraman soinean. "¿Quién te ha dado esa pegatina?". Nik hartu nuela. Edozein tabernatan. "¿Y te parece normal?". Baietz. Ez zitzaidala ondo iruditzen presoak torturatzea. "¿Y qué harías tú si matan a alguien de tu familia? ¡Tú harías lo mismo!". Begiak sutan, bibote gainean. Ezetz, nik: "No, eso no". Gaztetasunaren ausardia. Orduan kargatu zuen metraileta, ni paretaren kontra jarriarazita. Jomugan egonda zer sentitzen den erakutsi nahiko zidan.