Euskaldunok harremanetarako dauzkagun mugei buruzkoa da. Kontaktu gutxiko gizartea izan da gurea orokorrean. Besarkada robotikoak. Zaplada gogorrak bizkarrean. Muxu iheskorrak urtebetetzeetan, agurretan (oso urruti goazenean).
Estatu Batuetan bizi izan zen lagun batek kontatua: euskaldunak zeintzuk ziren berehala igartzen zela, liburutegian. Lehen aldiz sartzean, buru-keinu batekin agurtzen zuten liburuzaina, urrutitik. Serio. Ez zuten beren burua aurkezten, ez zertara joan ziren esaten. Poliki-poliki joaten ziren gerturatzen. Liburuzainarekin konfiantza hartzean, berriz, gai ziren mahaiaren atzealdera sartzeko ere, pantaila begiratzera.
Neurria hartzea kosta egiten zait niri ere, batzuetan. Liburutegikoak bezala sentitzen naiz. Nola jokatu ez dakidala.