Bakarrik edo?

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Etxeberria 2019ko aza. 17a, 00:00

"Bakardadea egunero 15 zigarro erretzea bezain kaltegarria da". Hori esan du AEBetako Harvard unibertsitateko neurologo batek. Bakarrik egotea ez, bakarrik sentitzea. Ez baitira gauza bera. Egon gaitezke bakarrik eta primeran sentitu. Egon gaitezke jendez inguratuta eta bakarrik sentitu. Hori bai, bakarrik egonda errazagoa da bakarrik sentitzea, argi dago.

Bagenekien aro modernoko gaitzetako bat dela. Gero eta jende gehiago sentitzen dela bakarrik, teknologia berrien eta "aurrerapenaren" aro honetan. Baina 15 zigarro? Demonio! Berdina janda, ariketa fisiko bera eginda eta berdin lo eginda, bakarrik sentitzen dena askoz okerrago dagoela dio Alvaro PascualLeone ikerlariak: "Pentsatzen eta sentitzen dugunak gure garuna aldatzen du". Sentimendu negatiboek garuna gaixotzen ei dute. Eta garunak gorputza.

Garai batean ETB1en bazegoen Bakarrik edo… izeneko programa bat. Gaueko ordu txikietan zen. Irratsaio bat, baina telebistan. Estepan Aldamiz, mahai baten aurrean eserita, entzuleen deiei erantzuten. Aspergarri samarra iruditzen zitzaidan niri. Orain konturatzen naiz telebistan zegoen programarik osasungarriena izango zela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak