Harrituta nago. Zertarako lapurtu ahatekumeak? Jateko? Saltzeko? Kazetari sena piztu zait. Gizon bat beste gizon bati azalpenak ematen dabil... Parkeko zaintzaleetako bat da: ahatetxoen ibilerak zaintzen dituen jubilatuetako bat. Aurreko kumaldian 25 baino gehiago lapurtu zituztela kontatu digu. Iluntzean, motxilan sartuta. Ez daki zer arraiotarako.
Zisne zuri bat dugu parez pare. Lapurreten lekuko isila. Hortxe egoten da beti, bakar-bakarrik. Dotore, lasai. "Bi ziren, baina honek bestea hil zuen. Horregatik ez dute besterik ekarri". Ahate-lapurrak eta zisne hiltzailea! Etxe ondoan. Ez dago New Yorkera joan beharrik! Parkera noan hurrengoan argazki-kamera gertu izango dut, badaezpada.