Gaiak luzerako ematen baitu. Kondearen "pernada eskubidea". Lehengusuen arteko ezkontzak. "Harrikada" duten pertsonen zerrenda. Oñatiko haizea. "Zoroei" gertatutako xelebrekeriak.
Itxi fama ere badaukagu. Oñatiarrok. Herritik ez ateratzearen fama. Zertarako ukatu. Halakoetan, Donostian bizi naizela esaten dut.
Hasten baitira esaten kolpeka ere ez gaituztela herritik ateratzen. San Prudentzion buelta ematen dugula. Kanpotarrek beti ligatzen dutela Oñatin, "aurpegi berriak" direlako. "Kuba Txiki". Endogamia... Eta zoro famara berriro.
Eta alai fama daukagu. Oñatiarrok. Festazale fama. Zertarako ukatu. Orduan, oñatiar peto-petoa naizela esaten dut.
Beti jaietan dagoen herria, Oñati. Auzoek bakarrik ez, kale bakar batek ere bere festak izan ditzakeen herria. Triana daukagu. Ole! Eta Casablanca. Trump gabe, gainera. Zertarako irten Oñatitik? Zoratuta egon behar da… Kasuen, ezin zoro famatik libratu!