Seko harritu nau: petrolioa bale, baina hondarra? Ba bai. Herrialde pobretu batzuetan, hondartzak eta itsas hondoa hondar gabe geratzen ari ei dira. Eta ez modu naturalean. Lapurtu egiten dute, saltzeko.
Hondartzako lapurren berri baneukan, baina uretan zauden bitartean motxila eramaten dizutenak. Ez hauek. Hauek hondar lapurrak dira. Debekatuta baitago hondarra hartzea. Turismoaren begietatik aparte dauden tokietan dabiltza. Afrikan eta Karibe uharteetan batez ere. Herritar pobreen lana da.
Mafiak sortu dira itsas hondarraren bueltan (basamortuko hondarrak ez omen du balio: finegia da). Bereziki eraikuntzarako erabiltzen da. Etxeak eta autobideak egiteko. Baina baita beste hainbat gauzatarako ere: Frackingerako, esaterako. Edo aberatsentzat uharte artifizialak sortzeko, Dubain. Eta hemen ere hormigoia eta asfaltoa edonon ditugu. Aurrerapenaren izenean.
Zer egin dezakegu guk horren kontra? Ez dakit oso ondo. Baina bai nork bere aletxoa jartzea inportantea dela. Hondar ale bakar batek begian min handia egin dezake.