Orain, kotxean joaten gara denok. Inor gutxik erabiltzen ditu abarketak. Hori bai, aurrekoan eliza atarian zapatak aldatzen ikusi nituen hiru neska. Ez zuten baserritar itxurarik. Soineko dotore distiratsuak zeramatzaten, eskotedunak. Ile apaindegiko orrazkera. Eta takoidun zapatak ari ziren kentzen, elizara joateko jarritakoak. Ezkontza bateko gonbidatuak ziren, zapata erosoagoak jartzen. Non zituzten zapatak, baina? Laster ase nuen jakin-mina: haien bikotekideek zeramatzaten zapatak, telazko poltsa karratuetan, besotik zintzilik! Sasoi bateko kantarekin akordatu nintzen: Alpargatak urratuta, zapatarik ez; Erniyon gelditu nitzan oineko minez. Hauxe da nekia, horrela ibiltzia… xestua ere galdu zaigu, kapoiz betia! Hauxe da nekea, horrela ibiltzea…