Izan ere, biodantzako ikastaro bat egin berri dut. Intentsiboa. Bi egunekoa. Zenbat dantza, besarkada, begirada goxo, laztan eta musu, denbora gutxian. Ondoren, gogorra egiten da euskal modura bueltatzea. Kolpeak bizkarrean, gerri zurrunak, buru keinuak, begirada urrunak. Gogorra egiten da, hurrengo bi egunetan. Gero, ahaztu egiten zaizu. Ahaztu, eta zeharo! Burutik pasa ere ez tabernan horrela dantza egitea. Inor begira ez balego bezala. Euskalduna ez bazina bezala. Ikastaroan topera, dena emanda. Bukatzean, buelta betikora!
Arteterapia, barreterapia, akuaterapia, txokoterapia. Onuraren bat dakarren guztiari terapia deitzen diote gaur egun. Basoterapia ere badago: basoan ibiltzea da, zentzumen guztiak erne edukita. Japoniarrek sortu ei dute. Eta izena emango genuke, gainera. Baina zer da, ba, gure arbasoek mendez mende egin dutena?