Eta Interneti galdetu nion, ea zer egin nezakeen. Data jarri nuen bilatzailean. Mendi ibilaldia ilargipean, hori izan zen bere lehen erantzuna. Zoragarria iruditu zitzaidan: ilargi betearekin, mendira! Zelako erromantikoa… Eta halaxe joan nintzen Txindokira, gauez, egunsentia ikustera. Aurrez ezagutzen ez nituen beste hogeita hamar lagunekin. Mendi talde batekin, alegia. Esperientzia ederra izan zen.
Hondarribiko bikote bati antzekoa gertatu zitzaion. Ez zekiten asteburuan zer egin. Eta Interneti galdetu zioten. Erreka eta bainatu hitzak jarri zituzten. Hondartzako turismotik ihesi zebiltzan. Eta hara non, Usakoren berri eman zien. Zoragarria iruditu zitzaien: igerileku naturala, menditik datorren urarekin! Zelako berezia… Eta halaxe joan ziren Oñatira, Usakon bainatzera. Giltzatik egin zuten salto, Tarzan eta Jane bailiran. Esperientzia ederra izan zen.
Hori bai, normalean hobea da lekuak gure kabuz eta jendeari galdetuz deskubritzea. Internetek jendez lepo dauden tokietara bidaltzea delako ohikoena, "plan berezia" dela esanez. Horregatik, zenbait jatetxetan kartel hau jartzen hasi dira: Ez gaude Tripadvisor-en.