Edgardoren kasua

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Etxeberria 2017ko eka. 25a, 00:00

"Badakizu zein dan Edgardo Mortara?", galdetu zidaten duela hilabete inguru. "Idearik be ez".  Sekula entzun gabe neukan. Mortara edo mortadela, niretzat berdin. "Ba laster oso famosua bihurtuko da".

Mortara hori 26 urtean Oñatin bizi izan zen apaiz bat zen, eta Spielberg berari buruzko pelikula bat egiten ari da. Zein eta Spielberg!

Nolatan interesatzen zaio ba Spielbergi apaiz xume bat? Euskarak erakarrita etorri omen zen Italiatik Oñatira. Euskara ikasi zuen, eta sermoiak ere eman zituen euskaraz (oñatieraz, seguruenez) Euskal Herriko hainbat lekutan. Hori interesgarria da, bai.

Baina Spielbergi bost axola horrek. Pelikulan ez da Oñati agertuko. Eta gutxiago Mortara euskaraz hitz egiten. Haren haurtzaroa interesatzen zaio: Vatikanoak bahitutako ume judu bat izan zen Edgardo. Sei urterekin etxera joan zitzaizkion bila, hura fede kristauan hazteko. Familia mutikoa berreskuratzen saiatu zen urte luzez. Aske utzi zutenerako, baina, majo kristaututa zegoen. Eta horixe da Spielbergek kontatuko duena.

Aita Mortara izeneko kalea dago Oñatin. Unibertsitate atzeko kaletxoa da. Ocho apellidos vascos filmarekin gertatu zena ikusita… Parke Jurasikoa bezain ezaguna egingo ote da aurki?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak