Jesus, bizilagunari urdaiazpiko iberikoa eskatuz gero bale… baina gatza? Edo azukre pixka bat… ez da asko eskatzea, ala? Eta gainera, gaur egun ez da oso ohikoa bizilagunari ezer eskatzea. Sasoi batean bai: etxeetako ateak irekita egoten zirenean. Orduan bai. Sartu, atera. Berriketan jardun. Eman, eskatu. Trukatu.
Interneten denetik eros daiteke orain. Supermerkatuan aurki dezakezun guztia. Eta gauzarik bitxi eta harrigarrienak ere bai. Tren bagoiak, tankeak. Herriak, uharteak. Santuen zein hiltzaileen erlikiak. OVNIak eta mamuak detektatzeko makinak. Eta izarrak ere bai! Izar bati zure izena jarri nahi baldin badiozu, Interneten duzu aukera.
Denetik eros daiteke. Baina ez dena. Zenbat aldiz eskatu diozu gatza bizilagunari? Nik sekula ez. Nahikoa da! Gatza eskatuko diot bizilagunari. Beharrik ez izan arren. Bizitzako gatza eta piperra ez daude online.