Mobilari begira

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Etxeberria 2016ko ira. 25a, 00:00

Ni ere bai, batzuetan. Mobilari begira joaten naiz kaletik. Mezuak irakurtzen.

Whatsapp-ak idazten. "Bidian noia". Amorragarria iruditzen zitzaidan lehen. Zentzugabea. Bi ostia emateko modukoa. Orain ez hainbeste. Nik ere egiten dudalako. 

Nahiko trebea naiz, gainera. Ibiltzeari utzi gabe egin dezaket. Eta inorekin talka egin gabe. Hala ere, patetikoa da. Lurra eta mobila bai. Baina ikusi-ikusi, ez duzu askoz gehiago ikusten. Bideojoko batean bezala, zuregana gerturatzen diren bultoak. Besterik ez. Mundu birtual bateko partaide bihurtzen zara une horietan. 

Badakizue Txinan mobilarekin joateko bideak daudela? Bide-gorriak bezala, baina poltsikoko telefonoarekin joateko. Kartelak ere badaude, mobilari begira joatearen arriskuez ohartarazten. Eta bai, egia da: arriskutsua da. Ez dira bat eta bi kotxeak edo tranbiak harrapatuta hil direnak. 

Are gehiago: leku batzuetan oinezkoei isunak jartzen hasi dira. Eta kartzela zigorrak ere bai. Beste batzuetan, ordea, argi bereziak jartzen, semaforoetan. Lurrean. Berde ala gorri. Begirada altxatu beharrik ez izateko. Itsuentzat pi-pi-pi soinua jarri zuten bezala. Orain, teknologiaren itsuentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak