Proposamena, hauxe: nire gustuko poema bat aukeratzea. Momentu txarretan lagundu didan poema, bertso edo esaera bat. Eta beste e-mail helbide batera bidaltzea, ezagutzen ez dudan pertsona bati: Enekori, kasu honetan.
Hogei pertsonari bidali behar diezun mezua da. Kate bat, alegia. Gorroto ditut kateak. Eta are gehiago esaten dizutenean katea hausten baldin baduzu zorte txarra izango duzula. Baina hau ez da horrelakoa. Baditu desberdintasun batzuk. Hasteko, mezua euskaraz dago. Eta ez da derrigorrezkoa parte hartzea: ez baduzu nahi, bidali dizunak beste bat aukeratzen du zure ordez. Hori bai, parte hartuz gero, hainbat pertsonaren gustuko poemak jasotzen dituzu bueltan. Hogei poema, opari.
“Truke kolektibo eta konstruktiboa” izan nahi du. “Poesia berri eta inspiratzaileak” topatzen laguntzeko modu bat. Burura datorkizun lehenengoa bidaltzeko jartzen du, gehiegi pentsatu gabe. Eta hala egin dut. Aukeratu dudana: “Egun finlandiar bat”. Eta zain nago. Jakin-minez eta ilusio txinparta batekin. Ea zer jasotzen dudan. Kateek utzi izan didaten sentsazio txarra poesia bihurtzeko esperantzaz.