Mutikoak zazpi urte ditu. Amonak patatafono bat dauka eskuen artean.
-Ui, gura badozu bai... hola jarriko dotsagu izena.
Etxean duen katuari bilobak jarri zion izena. Doraemon. Baita dortokari ere. Ninja.
-Ez, amama! Nere mobila Android da. Amatxorena be Android da... Amaiarena be bai, eta Aitorrena. Zuria Android da?
-A, ba orduan ez!
Izen bat jartzen hasi, eta nola jarriko dio ba denek jartzen dioten bera!
-Banekixen!
Mutikoak irribarre egin du. Bazekien amonaren mobila ez zela modernoa. Ezin zela Android izan.
-Badakitzu ze izen jarri geiken? Andromeda! Polittagua da Andromeda... Gustaitten xatzu?
Andromeda galaxia baten izena dela kontatu nahi dio. Greziako jainkosa batengatik jarri ziotela izen hori. Liburu bat irakurri zuela behin horri buruz. Amonaren begiek izarren distira dute. Mutikoak buruari eragin dio. Ezker-eskuin. Ezezko keinua da. Amonari urrutiko galaxia batetik etorria balitz bezala begiratu dio.
-Ez dozu ezer entenditten, amama!