Hostoak

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Etxeberria 2015ko abe. 20a, 12:00

Hostoekin egin du amets. Zeruan jira-biraka zebiltzan.

Zirimola ederra osatzen zuten. Kolore eta tamaina askotakoak, batera eta bestera hegan. Gorrixkak, marroiak, berdekarak. Txiki zein handi. Haizearekin jolasean. Eta bera saltoka eta korrika. Haiek harrapatu nahian. Baina ihes egiten zioten. Behin eta berriz. 

Amets polita izan zitekeen. Baina ez. Amesgaiztoa zen. Izerditan esnatu da. Ernegatuta. Pedro kale garbitzailea da, eta kokoteraino dago hostoekin. Gaur ere hostoak biltzera joan beharko du, erratza eta pala hartuta. Hosto multzoa egitea lortu orduko, haize madarikatuak denak sakabanatzen dizkio. Ufada batekin, lan guztia pikutara. Eta gainera, arbolen jarioa etengabea da. Gorroto du urte sasoi hau. 

Alfredo Laudioko enpresaburua da, eta harentzat, seguruenez, amets ederra izango litzateke Pedrorena. Zoragarria. Ondo baino hobeto asmatu du hostoei etekina ateratzen. Ez du ba Gernikako arbolaren perfumea sortu? Gernikako arbolaren hostoak beratuz egin ei du Haziak lurrina: Gure lurraren esentzia. "Euskal Herritik urrun dauden eta etxea oroitu nahi dutenentzat". Internetez saltzen du. Ikaragarri maite du urte sasoi hau.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak