Ingelesez besterik ez dakiten gazteak gerturatzen zaizkizu kalean. Zerbeza 2 x 1. Txupito gratis. "No, thank you". Tabernetan plater handi bat ematen dizute. Barratik pintxoak har ditzazun. "Ez, eskerrik asko".
Sangria iragartzen dute edonon. Paellarekin, nola ez. Turista askok ez baitituzte bereizten kalimotxoa eta sangria. Osborneko zezena eta ardi latxa. Flamenkoa eta trikitixa.
Hori bai, gero eta "euskal" souvenir denda gehiago dago: lauburua, ikurriña, Kontxako baranda... Txangoak ere antolatzen dituzte Donostiatik Ocho apellidos vascos pelikula grabatu zuten lekuetara. Leitzara eta Zumaiara. Benetako Euskal Herria erakusteko. Itzurun horregatik ote da "Espainiako hondartza ederrena" Hola aldizkariko irakurleentzat?
Esan didate Parte Zaharreko denda batean "euskal estiloko" argazkiak ateratzen hasi direla. Zuri-beltzekoak. Taldean, euskaldunez mozorrotuta: bata aizkolariz, bestea pospolinaz, harri jasotzailez… Port Aventuran bakeroekin egiten duten bezalaxe. I love San Sebastian.