Hasi dira iragarkiekin. ONCE, adibidez. Amaren eguneko kupoia erosteko kanpaina. Sari handia banatuko dutela. "Amaren maitasuna bezain handia ia-ia". Maitasuna neurgarria balitz bezala. Maitasuna erosteko aukera balego legez. Lehen, ilusioa banatzen zuten. Orain, aberasteko aukera. Dirua.
Nazioarteko egunak. Egutegiko egunak bezainbeste dira ia-ia. Nazio Batuen Erakundeak ehundik gora ditu izendatuta. Atzo, liburuaren eguna. Baita copyrightaren eguna ere. Herenegun, berriz, ama lurraren eguna zen. Diseinu grafikoaren eguna, dantzaren eguna. Jazzaren eguna, Interneten eguna. Horiek ere badatoz. Asmaren eguna. Asmatutako zenbat egun!
Kultura bultzatzeko egunak. Munduko arazoak ezagutaraztekoak. Bale. Halakoek zentzua izan dezakete. Dirurik gabeko egunak ere bai. Baina beste batzuk... Elurraren eguna. Filosofiaren eguna. Orgasmoaren eguna. Adiskidetasunaren eguna. Zorionarena. Gaur zoriontsu izateko eguna da. Bihar ez.
Zer tokatzen da egitea gaur? Bromaren eguna dela? Txisteak kontatzera denok! Marihuanaren eguna dela? Egundoko itsua. Musuaren eguna? Paaaaaaaaaa.