Batukada bat dator. Niki koloretsuak, zapiak buruan. Talde informala eta alaia. Aldarrikapenen bat izango da... Baita zera ere! Barregura, atzetik datorrena ikusitakoan: korbatak, esmokinak, gomina; pamelak, soineko distiratsuak, takoiak. Ezkontza bat da. Lehenengo ilaran, ezkonberriak. Dantzan edo, poz-pozik. Eta segidan, gonbidatu guztiak. Baina ordenatuta, lerroka. Ez edonola. Gehienak oinez, dantzan oso gutxi. Eta edadetuenak serio-serio. Hileta aurpegiarekin. Feriako tximino sentitzen direlako, beharbada?
Dronak ere "modan" jartzen ari dira ezkontzetan. Hegan egiten duten robotak. Ezkonberriak plaza erdian dantzan, eta robota airetik irudiak hartzen. Bideoa Youtuben jartzen dute gero. Eta badaude ezkonberriei helikoptero bidaia oparitzen dieten jatetxeak ere! Andoainen bada bat, eta ez da bakarra. Bazkaria bertan hartuz gero, jatetxeraino hegan eramaten zaituzte. Aimar Irigoien harri jasotzailea ere halaxe joan omen zen, Errezildik ez dakit nora. Brad Pitten pare. Pelikulak ikusteko, ez dago Zinemaldira joan beharrik.